XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaztelaniarekiko beraren harremanak 3 urte zituenean hasi zituen.

Alde batetik, beraren aitita gaztelaniaz hitz egiten hasi zitzaion.

Bestetik, ikastolan haur erdaldunak ezagutu zituen.

Guzti honi, beharbada, erdal telebistako marrazki bizidunen ikusketa gaineratu beharko nioke.

Mikel haur elebiduna ere Berrizen jaio zen 1986.eko abenduan.

Haur honen ama euskalduna da, aita, aitzitik, gaztelaniaduna da.

Ama beti zuzendu zaio euskaraz semeari, eta gauza bera egin du semeak amagaz.

Aita jaiotzatik zuzendu zaio gaztelaniaz semeari, eta era berean, semea gaztelaniaz aitari.

Aita medikua da, euskaraz ondo samar ulertzen du eta hitzegin ere egiten du zerbait.

Ama idazkaria da, eta bizkaieraz mintzatzen da, euskara estandarra ere ezagutzen duelarik.

Badu haur honek 1984. urtean jaiotako arreba.

Arreba ere elebiduna da jaiotzez, baina aztertuko dudan haurrak 4 urte izan arte beraien arteko berbazko harremanik gehienak euskaraz izan dituzte.

Amaren eta aitaren arteko harremanak gaztelaniaz dira.

Etxeko harreman orokorrak gaztelaniaz izaten dituzten arren, amak seme-alabekiko eta seme-alabek amarekiko harremanak, senide osoa dagoenean ere, euskaraz gauzatzen dituzte.

Halere, batzuetan, haurra amari gaztelaniaz ere zuzentzen zaio, gaztelania denean uneko hizkuntza orokorra edo gaztelaniazko perpaus eginak ekoizterakoan.

Guraso biek etxetik kanpo lan egiten dutenez, jaiotzetik neska-zaintzaile bat eduki du haur honek, eta honegaz bizkaieraz hitz egiten du.

Mikel haurra 2;09-ko adina zeukala hasi zen eskolara joaten.

Berrizko herriko eskolara joaten da euskarazko eredura.

Bestalde, senide-harremanak, amaren aldeko Berrizko senideekin euskarazkoak dira, aitaren aldeko senideekin, aldiz, gaztelaniaz.

Jolas-lagunak euskaldunak eta gaztelaniadunak dituenez, hizkuntza biak darabiltza arlo honetan.

Peru 1985.eko abenduan jaio zen.

Bere guraso biak euskaldunak diren arren, segidan ikusiko dugun legez, haur hau elebiduntzat jo dezakegu.

Peruren ama euskaldun berria izanik, euskara estandarrez mintzatzen zaio semeari.

Aita, aldiz, nafarra izanik, batez ere nafarreraz mintzatzen zaio, baina euskara estandarraren eragin handia duelarik.

Guraso biak dira irakasle, bata eskola baten, bestea unibertsitatean, euskara, ahozkoa zein idatzizkoa, egoki menderatzen dutelarik.

Etxeko senitarteko giroa euskalduna da, beraz.

Peruri elebitasun izatea jaiotzetik izan duen neska-zaintzaletik datorkio, berau gaztelaniadun hutsa baita.

Guraso biek lan egiten dutenez, neska-zaintzaile gaztelaniadun honek zaindu du batez ere Peru astebarruan, eta berarekin gaztelania ikasi duela esan dezaket.

Neska-zaintzailea jaiotzatik mintzatu zaio gaztelaniaz Peruri.